XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adibidez: Jauna, berorrek ongi dakienez....

(Jauna, zuk ongi dakizunez...).

Beraz hiru tratamendu desberdin erabil daitezke euskaraz: zu, hi eta berori.

Adibidez: Mikel, etor zaitez hau ikustera!.

Mikel, etor hadi hau ikustera!.

(Jauna etor bedi (berori) hau ikustera!).

Baina egia esan ez dugu erregistro bat baizik osorik azaldu: neutroa edo eztabadakoa.

Esan nahi duguna hau da: zu tratamendua aukeratuz gero ikusi dugun adizki sistema osoaz (hi pertsona kanpo, noski) balia gaitezke; erregistro osoa dugu.

Adibidez: Zu musika entzuten geratu zara, Patxi telebista ikusten geratu DA eta neskak dantzara joan DIRA.

Hori da berez erregistro neutroa.

Baina hi tratamendua aukeratuz gero, ez dugu pertsona honekiko hizketan erabili behar den erregistroaren zati bat baino: hi pertsona gramatikalari lotzen zaizkion adizkiak besterik ez.

Bestela esanda, hikako tratamendua aukeratuz gero, erregistro oso eta desberdin bat behar da ezin para bait daiteke honelakorik: * Hi musika entzuten geratu haiz, Patxi telebista ikusten geratu DA eta neskak dantzara joan DIRA.

Forma alokutiboak behar dira lagunarteko erregistro honekin segitu ahal izateko.

Honela: Hi musika entzuten geratu haiz, Patxi telebista ikusten geratu DUK eta neskak dantzara joan DITUK.

Hau da: adizki alokutiboek perpauseko izen sintagmekiko komunztaduraz gainera solaskidearen aipamena ere agertzen dute -K edo -N marken bidez.

Horrela, Hemen egon da-ren kasuan ez da suposatzen hizketa lagunik; erregistro neutroa da.

Hemen egon duk esanez gero, ordea, solaskidearekiko marka ere ageri da: Hemen egon duk = Hemen egon da + hirekin ari nauk.